Goiogane baserria

Gure bizilekua da aspalditik Amorotoko Goiogane baserria

Baina “gure” horri zentzu zabalagoa eman, atea ireki, jendeari zabalik dagoen altzoa izatea nahi genuen. Eta horretan ari gara apurka, altzo hori eraikitzen. Lurrarekin kontaktua izateko altzoa, elikadura sanoa dastatzeko altzoa, lasaitasunarena, natura eta lurra hobeto ezagutzeko lekua, pentsatzeko-proiektatzeko behar den kontzentraziorako altzoa, musika edo bestelako adierazpide artistikoak sortzeko behar den pizgarriaren altzoa, Lea-Artibai eskualdea eta bere historia hobeto ezagutzeko altzoa…

Azken finean, bizitza soil eta benetakoa preziatzeko altzoa.

Dimentsio xumea izango du proiektuak. Altzo baten goxotasuna bilatzen dugulako. Etxekotasuna. Benetakotasuna. Gu geu bizi garen etxea eta ingurua partekatuko dugu. Gu geu garena eskaini, datozen guztiengandik ere jasoz eta ikasiz.

Elikagai ekologikoen ekoizpena eta merkaturatzea, bisitariei ostatua ematearekin eta lurraren zein eskualdearen ezagutzarekin lotutako jarduerak eskaintzearekin uztartuko dugu. Era berean, lehendik ere Goioganen kokatzen den Musikorta audio gunea ere eskaintzaren parte izango da, era guztietako audio eta musika grabaketak egin ahal izateko).