Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
21 Abe

Altzoako kideok Saharatik bueltan

Bederatzi egun izan dira. Hondar eta harrizko 42 urteko behin-behinekotasun gordinean bizitzea zer den ikusi dugu. Ikasi dugu. Asko ikasi ere!

Goiogane baserri honetan azken uda bietan gutako bat izan den eta hurrengo udan ere gurean izango den Mohamedu eta bere familia bisitatzera joan gara. Lehenengo bider ikutu dugu, entzun eta usaindu herri saharauiaren eguneroko duintasuna. Ez da haien lekua. Ez da dagokiena. Injustizia luzatzen eta pazientzia agortzen ari da. Osasun arazoak biderkatzen doaz, hemen sasoirik oneneko izango liratekeen 40-45 urtekoak zaharturik, diabetesak jota, nekeak etzanda daude kasu askotan. Bizitza osoa daramate behartutako behin-behinekotasun eternoan. Ez datorren soluzioaren zain.

Eta, hala eta guztiz ere, bidaia labur honetan zerekin geratu garen galdetuz gero, “irribarre zintzoekin” esango dizuegu. Begietara begiratzen duten begiekin. Besarkada sentituekin. Etengabeko solasaldiekin (nork dio hizkuntzak mugak direla?). Ilunabarreko jolasekin. Inor bakarrik ez dagoen (des)Herri duin honek badu zer irakatsi.

Moha, Aouz, Muna, Fadala, Hazria, Badadi, Jalihena, aitona Dadah… Familia zoragarria dugu Saharan. Haiekin altzoan sentitu gara, etxean. Eta haien benetako Etxera itzuli ezin diren artean, geurearen altzoa eta sutondoa haiena ere izango da.