Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
berakatz freskoa
16 Ots

Berakatz berriaren alegrantzia ortu lokaztuaren erdian…

Sekula holakorik! Ez ote du atertu behar… Oraingoz Altzoan ez daukagu negutegirik. Hori ere iritsiko da. Beraz, gure ortu koxkorrak butxu-butxu eginda daude aurtengo neguon. Eskerrak bankal modura lurra tontortuta eta bedar sikuzko tapakiarekin aurre egiten zaion neurri handi batean gehiegizko bustidurari: ura tarteko erretenetara doa. Eta era horretan, duela hilabetetik hona, negu ilunari lurrin freskoaz aurre eginez, baratxuri edo berakatz berria batzen ari gara. Hau bai perfume ederra! Eta udabarriaren promesa…

Ohiko errezeta da berakatz berdeokin arrautzopila egitea. Eta gauza gutxi daude hain erraz eta hain zaporetsurik. Baina egin aproba pasta plateretan ere erabiltzeko, perretxiko batzuekin edo beste barazkiekin erregosita… Bizitasun aparta ematen du!