Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
azak
16 Urt

…eta bai, aza jaten dugu!

Lemoizko zentral nuklearraren inguruko eztabaida pil-pilean zegoen garaiko Arzalluzen esaldia gerora ere iltzatua geratu zen gutako askorengan: “kandelekin argitu eta azak jan” beharko genituela zioen, ditxosozko zentralari uko egitekotan… Tokitan geratu da mehatxu hori, zorionez.

Baina azarekiko gutxiespena ez zuen berak asmatu, noski. Ortuko ahizpa pobretzat hartu izan da gurean. Batek daki zergatik. Kontua da hemengo aire libreko baratzeetan neguari bikain eusten dioten barazki apurretakoa dela azakien familia. Eta zenbat eta hotzago, gozoago!

Jaten duguna garenez, azakiak jatean erresilientzia ere ahoratzen ari gara, beraz. Eta, ez noa ezer berririk esatera, osasunarentzako onenetakoak dira azakiok, mespretxuak mespretxu.

Egutegiarekin, eguraldiarekin, naturarekin bat eginda jatea da Altzoaren gonbitea. Horregatik, urte sasoi honetan gurean eskaintzen ari garen afarietan ohiko osagaiak dira etxeko azakiak, kolore eta tamaina guztietakoak, aspertzeko arrisku barik: fin-fin ebakita entsaladan, egosketa labur kurruskariz eginda, kreman, zopan… Kandelatxo bat ere piztuko dizugu afalorduan, eta bizitza osasungarriagatik topa egin!