Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
Goiogane baserria, Altzoa, baratze agroekologikoan patata ereiten
28 Api

Halako batean patata erein dugu!

Pasa den martitzenean, aroak eskainitako tartetxoa hartu eta, halako batean, patata erein dugu! Jada zakuan bertan ernamuin galantak eginda zegoen hazia. Izan ere, iaz otsailaren amaierarako erein genuen, eta aurten, eguraldi traketsak eta lurraren aro falta tarteko, bi hilabete beranduago egin dugu.

Hori bai, lurra azaro-abendutik eduki dugu prest, ardi simaurra botata. Denborari bere lana egiten utzi diogu, lurrak ongarria bere egin zezan. Sail honi ere gainetik bedar sikuzko mantatxoa ipiniko diogu babes modura.

Truke-balioa edo prezioa badakigu oso gauza aldakorra eta fiktizioa ere badela… Eta, tira, patata ez dugu ereiten daukan prezioagatik. Ez luke merezi izango… Baina gauza ederra da, lurra eta gogoa edukita, urte osoko oinarrizko jaki hau etxean bertan egitea, garbi eta gozo. Altzoa-ren otorduetarako ere prest. Zerikusirik ez izoztutako “patata” frijituekin!