Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
sagar saskia
2 Ira

Heldu dira sagarrak, gorde ditzagun gozo

Aurten izandako udabarri beroaren ondorioz-edo, sagarrak ohi baino bi-hiru aste lehenago heldu dira. Eta Goiogane baserri honetan oraindik sagarrondo oso gutxi eduki arren, nahi izaten dugu euren fruta guztia probestu. Horregatik, egunotan abian da “sagar-operazioa”: helduenak bildu, ilun eta fresko biltegiratu, eta ondoren, apurka, sukaldatzen joan. Mermelada egin dugu egunotan, eta orain sagar-dultzea egitear gaude. Beste ale batzuk unean-unean zukua egin eta Altzoan gosaritan (edo edozein ordutan) gozatzeko izango dira. Edo, beste barik, krausk gordinean jateko.

Euskal Herriko alde atlantiko osoa legez, Lea-Artibai ere sagarrondo parajea izan da beti. Izan zen. Batek daki zenbat sagasti galdu ote den eskualdean azken 50 urteetan… Han-hemenka inork ere batu barik geratzen dira urtero hainbat sagar.

Hala ere, lurraren langintzaren bide aldapatsuan, bada han eta hemen sagasti berriak landatzera animatzen denik. Eta badira ere ekimen kooperatibo interesgarriak. Horietako bat, Gizaburuagako Okamika industrialdean kokatuta dagoen Laneko Kooperatiba da, sagardoa eta kontserbak lantzen dituena. http://www.oizegin.com/hasiera/1-oiz-egin/12-gastronomia/13-ekoizleak-productores/298-laneko-koop-elkartea

Gurean, Altzoan, etxeko kontserbekin batera, Lanekon egindako sagardo bizia ere eskaintzen dugu otorduetan. Bizkaiko sagarrekin eginiko mama gozoa.