Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
intxaurrak
14 Ira

Hurbileko intxaurrak

Jarraitzen dugu, bada, etenbako jasoketan. Intxaurren txanda ere ailegatu da jada. Aurreko urteetan baino hiru bat aste lehenago ailegatu ere! Badoaz apurka jausten, eta ia hilabete iraungo digu batuketak. Guk behinik behin, nahiago dugu horrela egin: utzi intxaurrondoari bere aleak ondo egiten eta askatzen, eta jausten direnean bildu. Ez ditugu, beraz, zuhaitzak astinduko. Ez dugu presarik inorako.

Behin jasota, biltegian zabal-zabal edukiko ditugu lehortzen aste pare bat gutxienez. Ondoren, 5 kiloka, boltsatan gorde eta zintzilik gordeko ditugu. Urte osoan izango ditugu eskura, bere horretan, edo baita jada zurituta kristalezko poteetan ere. Hurbileko intxaurrak dira gureak, Goiogane baserrian berton, gurekin mezu bidez kontaktuan ipinita, edo bestela Lekeitioko Amaren kontsumo elkartean eta Azoka frutadendan aurkitu ahal izango dituzue.

Ez dira makalak intxaurraren onurak, eta hobe dugu egunero lau-bost ahoratzea: omega 3 koipe ona damaigute, kaltzioa, zuntza, magnesioa, B taldeko bitaminak, landare-proteinak eta azido folikoa. Eta hori guztia zapore bikainez!