Bloga

27 Uzt

Bidean gal ez zaitezen, gure egurrezko “geolokalizatzaileak”

Aurten ere uda bizi-bizi doa. Ezin tarterik hartu idazteko. Ostatuko, ortuko eta estudioko zereginetan murgilduta gabiltza. Aspalditik egin beharreko beste lan bati ere ekin diogu egunotan: Altzoara, Goiogane baserrira, iristeko eta bidean ez galtzeko kartelak. GPSan agertuko zaizue bidea, bilatzailean Altzoa idatziz gero. Baina, hala ere, gure etxera ailegatzeko hiru auzobide posible daudenez, eta baserri arteko bide estu hauetatik jende asko ez dagoenez ohituta, pentsatu genuen kartelak gehitu behar genituela zalantzazko bidegurutzeetan.

Horrela, bada, etxeko altzari guztiak, eskilarak eta abarrak egiteko erabili genituen arotzeriako tresnei hautsa kendu berriro ere, eta egurrezko “geolokalizatzaile” hauek egin ditugu. Gustatzen?

Oraingoz gure arotzeria lanak auto-ekoizpenera soilik bideratu izan ditugu. Baina… nork daki? Egurraren maitale gara, eta agian presta gaitezke arimadun altzariak zuretzat ere egitera…

11 Uzt

Altzoa proiektua Paraguayko kazetari gazte baten begietatik

Rodrigo Alvarenga (Brandi Handy) paraguaiar kazetari gaztea munduan zehar dabil, lekuan lekuko jende xehearen istorioak, ikuskerak eta proiektuak irudiz kontatzen. Joan den azaroan Euskal Herrian ibili zen, eta baita Altzoara iritsi ere. Lekeition bizi den herrikide gazte baten istorioa kontatzea zuen xede. Baina gurean ostatu hartuta egon zenez, Altzoari buruz ere jardun genuen kamera aurrean.

Zer da kontua eta hilabeteak pasatuta, sekulako opari polita jaso dugu! Dokumental txikia da Rodrigok landu duena gurean, baina funtsean laburbiltzen du Altzoak izan nahi duena.

Opari bikaina izan da benetan! Ia gustuko duzuen…

26 Eka

Eskuak lurrean, auzolanean!

Gauza handia da ortuko lanerako eskuak batzen direnean, auzolanean. Lana samurrago, hobeto eta arinago egiten da dudarik gabe! Baina, horrekin batera, lanean kontuak esaten aritzearen plazerak ez dauka preziorik. Beste langintza batzuetan nekez egin daitekeena, lurrarekiko zereginetan guztiz bateragarria eta gomendagarria ere bada lan-solas binomioa. Eta horrelakoetan nekea eta orduak arindu egiten dira.

Bada, horixe da aurreko asteburuan egin duguna Altzoan. Bi lagun izan dira gurean, eta egonaldiarekin batera, ortuko lanetan laguntza ederra eskaini digute. Argazkian ikusten da piper sailari bedarrak kentzen aritu ginenekoa. Solaskide apartak ere izan dira. Mila esker bihotzez Itzi eta Marta!

Hurrengo batean lagun gehiagorekin esperientzia partekatzekotan geratu dira. Eta guk lerro hauek probestu nahi ditugu besteoi ere gonbitea egiteko. Ziur gaude ez zaizuela damutuko!

Lana beti da lana, baina kolektibizatzen denean, bizi-taupaden erritmora ekartzen denean, beste zentzu bat hartzen du. Diruaren logika guztiz gainditzen duen zentzua eta benetakotasuna. Horrela bizi dugu, bederen, Altzoan.

19 Ots

Ogia egiten ikasi dugu!

Pozik gaude. Adin batetik aurrera gehiago preziatzen dugu gauza berriak egiten ikastea; egunero zerbait ikasten jarraitzea… Eta pasa den astean ogia egiten ikasi dugu! Bueno, hobe esanda, ikasten jarraituko dugu, entrenamenduko ogi bakoitza egin ahala… Baina hasierako emaitzak ez dira batere txarrak izan. Beraz, bai: Altzoak badu bere ogia eta pozik gaude! Momentuz etxekoontzat da soilik, baina laster berton ostatu hartzen duten guztientzat eskainiko dugu gosaritan zein afaritan. Eta gero, gerokoak.

EHNE-Bizkaiak hilero bidaltzen dizkigun formakuntzarako aukeren artean egon da ogia egurrezko labean egiteko goiz bateko ikastaroa. Doan egin ahal izan dugu, gainera. Zeberioko Aresandiaga auzoko baserri-errotan erakutsi digu ogiaren mamia Iñigo Larizgoitia Txatok. Eta goiz osoan ikusi, entzun eta ikutu duguna apunteetan ere eman digu. Jakintza partekatzea lako gauza ederrik, gutxi! Eskerrik beroenak berari eta sindikatuari ere aukera honengatik.

Orain dator benetako ikasketa: ogia egin eta egin, bere bizia ulertu eta geure eskuetan barneratu jakintza hori.

Ama legamiarekin eta urun garbiekin eginiko ogiak ez du inolako zerikusirik ogi industrialekin. Gure aho sapaiak eta gure hesteek ere segituan igarri dute. Beraz, ikasten jarrai dezagun, benetakotasuna gure eguneroko ogia bilakatuz.

Hona pausoz pauso gure lehen ogiak:

1.- Bezpera arratsaldean premasa egin dugu, ama legamia, ura eta uruna erabiliz.

2.-Urun, ur, premasa eta gatzez dena ondo amasatu eta atsedena hartzen utzi dugu.

3.-Egurrezko labea 250 gradutan prest izan dugu, eta 45 minutuz egosi dugu.

21 Abe

Altzoako kideok Saharatik bueltan

Bederatzi egun izan dira. Hondar eta harrizko 42 urteko behin-behinekotasun gordinean bizitzea zer den ikusi dugu. Ikasi dugu. Asko ikasi ere!

Goiogane baserri honetan azken uda bietan gutako bat izan den eta hurrengo udan ere gurean izango den Mohamedu eta bere familia bisitatzera joan gara. Lehenengo bider ikutu dugu, entzun eta usaindu herri saharauiaren eguneroko duintasuna. Ez da haien lekua. Ez da dagokiena. Injustizia luzatzen eta pazientzia agortzen ari da. Osasun arazoak biderkatzen doaz, hemen sasoirik oneneko izango liratekeen 40-45 urtekoak zaharturik, diabetesak jota, nekeak etzanda daude kasu askotan. Bizitza osoa daramate behartutako behin-behinekotasun eternoan. Ez datorren soluzioaren zain.

Eta, hala eta guztiz ere, bidaia labur honetan zerekin geratu garen galdetuz gero, “irribarre zintzoekin” esango dizuegu. Begietara begiratzen duten begiekin. Besarkada sentituekin. Etengabeko solasaldiekin (nork dio hizkuntzak mugak direla?). Ilunabarreko jolasekin. Inor bakarrik ez dagoen (des)Herri duin honek badu zer irakatsi.

Moha, Aouz, Muna, Fadala, Hazria, Badadi, Jalihena, aitona Dadah… Familia zoragarria dugu Saharan. Haiekin altzoan sentitu gara, etxean. Eta haien benetako Etxera itzuli ezin diren artean, geurearen altzoa eta sutondoa haiena ere izango da.

11 Aza

Udazken-negurako Altzoa produktu sorta prest daukagu

Katamixarren antzera, batu eta batu ibili gara uda amaieran. Batu, ondu, lehortu, sukaldatu, ontziratu… Eta hona hemen gure etxeko uztaren fruitu xumea: Altzoaren poltsakada aurtengo udazken-negurako.

Sorta osoa eska daiteke edo produktuka egin eskaria. Hona hemen prezioak:
Patxarana: 10€ 750 ml.ko botila
Intxaurrak: 4,50€ kiloa
Indiar baltza: 10€ kiloa
Sagar dultzea: 3€ 250 ml.ko ontzia
Mermeladak (sagarra, okana edo pikua): 3€ 250 ml.ko ontzia
Piperminak:3€ 250 ml.ko ontzia
Erremolatxa egosia:2€ 250 ml.ko ontzia

Fruta eta barazki guztiak gure etxekoak dira eta modu agroekologikoan landu dira.

Eskariak posta elektronikoz egin daitezke (info@altzoa.eus) eta beti ere zentzuna erabiliko dugu banaketan. Lea-Artibai, Busturialdea eta Bilbo dira gure banaketa gune naturalak.

Erosketarekin batera opari ematen ditugu Altzoa-ren oihalezko poltsak. Logotipoaren diseinua egin duen 11barri enpresako Eli Azpiazu Armaolea gure lagun diseinatzaile aulestiarra da egilea.

On egin!

7 Aza

Eibarko Armeria Eskolakoen bisita Musikortan

Ateak zabalik dauzkan baserria da Goiogane, Altzoa da gure proiektuaren izena eta izana. Eta altzo horretan, ostatu eta atseden nahian datozenekin batera, lekua daukate jakin minez datozenek ere.

Gaur oso gustura jaso dugu Musikorta audio gunean Eibarko Armeria Eskolako ikasle eta irakasleen bisita. Soinuaren oinarrizko jakingarriak partekatu ditugu, eta soinu hori lantzeko erabiltzen ditugun gailuak ikusi, entzun, ikutu eta saltseatzeko aukera egon da. Batek daki, akaso etorkizuneko soinu teknikariren baten jakin minaren tekla ikutu dugu gaur!

Aintzinako behi eta txahalen korta Musikorta da gurean azken urteotan, eta ateak zabalik dauzka sartu nahi duenarentzat: musika sortzera, grabatzera, probatzera, galdetzera… Deitu edo idatzi konpromiso barik!

27 Urr

Lea-Artibain ere elikadura burujabetzarako bidea eragiten

Baserri eta arrantza eskualdea izan zen mendeetan Lea-Artibai. 1970-80ko hamarkadaz geroztik industria eta zerbitzuen inguruan hezur-mamitzen joan zen bertoko ekonomia . Eta, zorionez, berton sustraitutako industria sarea da nagusi eskualde txiki honetan. Baina lehen sektoreko jardueren mantentze-maila, aldiz, hutsaren pare geratu zen. Ia-ia desagertu egin ziren baserrian jardun osoz ari zirenak. Jarduera mistoari esker mantentzen diren ustiapen txikiak, berriz, ez dira hain gutxi. Hala ere, ugaritzen doaz sasiak jandako lursailak, eta beherantz datozen teilatu zaharrak…

Ez da, hala ere, etsipenean itotzeko garaia. Gero eta jende gehiagok (oso apurka bada ere) partekatzen du oinarrizko ideia hau: denok dugu elikadura sanoa izateko eskubidea, eta lurralde bakoitzak behar du izan bere elikagai sanoen produkzioa lurrarekiko modu orekatuan antolatzeko modua. Horretaz ari gara elikadura burujabetza aipatzen denean. Nekazaritza logikaz egitera bueltatzea da, beste barik. Ez baita logikoa hemendik 8.000 kilometrora ekoiztutako fruta edo aleak jatea. Ez baita logikoa jaten dugun guztiaren %4a baino ez izatea Euskal Herrian berton egindakoa…

Honetaz guztiaz berba egiteko garaia da, elikadura burujabetzari haize berriaz bultzatzekoa. Lea-Artibaiko baserritar, kontzientziadun kontsumitzaile, ikastetxe eta eragileei entzuteko garaia ere bada. Eskualdeko EH Bilduk horretarako aukera bat antolatu du, zapatu honetan, Markina-Xemeinen. Bide eta ahalegin berrien lehen urratsa izan bedi.

Altzoa proiektuko kideok hor izango gara, gure hondar-alea ipintzen.