Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
baratze ekologikoa
10 Api

Kipulagintzan, ostarte laburrak probestuz

Aurtengo euriak ez dira amaitzekoak, antza… Argitasun, epeltasun eta antizikloi faltan gabiltza denok. Lurrarekin dihardugunok, are eta gehiago.

Kipulagintza eta patata ereitea atzeratzen ari zaigu aurten. Otsaileko ilbeheran sartu genituen iaz, batzuk zein besteak. Baina iazkoa, ia negurik bako negua izan zen. Eta lurraren aroa primerakoa zen data horietan.

Baina aurten ez dago horrelakorik. Apirilaren 5ean eta 6an, pazko asteak ekarritako ostarte eta hego-haizeari esker, ausartu gara kipulak sartzera. Patatak itxaron egin beharko du…

Urrian landatutako kipulinek ederto eutsi diote neguari, eta platerean dauzkagu xamur eta gozo. Ondoan ikusten dira urterako kipula gorri eta zuriz landatu berri ditugun ilarak. Bedar sikuagaz egin diegu manta, gehiegikeriez babesteko (ur gehiegi, hotz gehiegi, bero gehiegi ala belar gehiegi). Momentuz lortzen ari gara plastikorik erabili barik moldatzea. Altzoa proiektuan ahalik eta gehien murriztu nahi dugun materiala da.

Kipulagintzari dagokionez, etxean eta Bizi baratzea-n ikasitakoari jarraituz, ondo asentatutako lurrean aritu gara, errotazioei kasu eginez, eta ardi-simaurra udazkenean gehitu genuen, denbora emanez lurrari bere egiteko.

Hala ere, ikusiko dugu, uzta zeruaren menpe egongo da-eta, neurri handi batean…