Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
Indiar edo babarrun saila
27 Urr

Negurako urre beltza, prest!

Aita zenak esaten zuen egunero-eguneroko bazkaria zela etxean indiar platerkada. Egunero, domeketan izan ezik: domeketan, garbantzua. Baserriko belaunaldi andana hazi eta ase izan da babarrun, baba beltz edo indiarrekin. Orain, berriz, jende askorentzako, inoiz edo behin “plater tipiko” gisa jatetxeren batean dastatzen den gutizia da. Beste askorentzako, ordea, orain ere neguko urre beltza da, gure dietan nahiko ohikoa. Hasierako irudian, Goiogane baserria, aurtengo indiar-sorotik ikusita. Hurrengoan, gure urre baltza, garandu ostean, ale eskaxak apartatzeko lanean.

 

Pasa den astean amaitu genituen indiarraren lanak. Ez dira gutxi. Beste barazkiekiko aldean daukan salneurriak badu oinarririk, babarrunaren lan-zikloa nekeza baita: landarea txikia denean ondo jorratu, tutoreak ipini eta zaindu, jaso ondoren ondo lehortzen eduki, eta gero garandu edo aletu.

Lekaz leka eskuz garantzen dute batzuk. Guk denak batera jotzen ditugu, azpian plastikozko euskarri bat dutela. Gainetik oinez zanpatzen ditugu, palekin jo, eta gero multzo txiki bakoitza pazientziaz errepasatzen dugu, aletu barik geratu dena eskuz eginez. Ondoren, multzoka, bahetu egiten ditugu, bien bitartean haize-konpresoreaz haizatuz. Horrela, zazkar ia dena badoa airean. Pisatu ondoren, izozkailura sartzen dugu, xomorrorik sor ez dakion. Eta hortik goaz ateratzen gero, behar izan ahala, mahaiko lana burutzeko: lasai jesarri, eta alde batera zikina edo zazkarra, bestera ale “itsusia” (oso goxoa baina etxerako geratuko dena), eta bestera salgai ipintzeko ale ederra bananduko ditugu. Ondorengo argazkietan laburbiltzen da aipatutako lan saila.

 

10 euroan saltzen dugu Altzoa indiar baltza. Salmenta zuzenaren bidez eta Lekeitioko Amaren kontsumo elkartean  saltzen dugu. Aurten da lehen aldia etxerako baino gehiago erein eta salgai ipintzen duguna gure urre beltza, eta pozik gaude. Erosi dutenak pozik daudelako.