Bloga

29 Eka

Negutegiaren abiada bizia

Hasi berriak gara negutegiarekin. Maiatzaren 5ean muntaketarako auzolana egin, eta landaketak handik astebetera egin genituen, 12an. Udako jeneroa: tomateak, alberjiniak, piper nagusia, kuiatxoa. Zerbak, letxu eta aza apur batzuk, eta lekak. Handik aste batzuetara azenarioa, belar batzuk eta loreak erein genituen (kalendula edo ilenak, kosmos deritzen loreak eta albahaka). Ez dadila falta lore eta usainik, gure lagun polinizatzaileek jai giroa izan dezaten!

Aldez aurretik lurra ongarritua zegoen; nahiko aurretik egia esan. Negua hasterako bota genuen luarra edo konposta, eta otsailean kare pixka bat ere bai. Landaketak egiteko unean ez genuen beste ezer gehitu. Ureztaketa egiteko sistema landatzerako prest ipini genuen, hori bai. Eta tomateei, landatu ahala, bakoitzari azpian asun zarbakadatxo bat ipini genion (asuna hartu, apur bat xehetu eta listo). Harrez geroko zainketa edo ongarritze bakarra, berriz, asunez eta azeri buztanez egindako mindarekin egin dugu, momentuz behin, eta urarekin ondo nahastuta (1/10 proportzioan).

Eta, egia esan, pozik gaude. Ez dago gorrina arrastorik (aterpearen onura!). Eta marigonagorri dexentek hartu dute bizilekutzat estalpeko ortu berria. Jai dute, beraz, zorritxoek! Osasuntsu ari dira hazten barazkiak. Lurraren bizitasunaren seinale.

Hori bai, harrituta gaude negutegiak dakarren abiadarekin! Guretzat gauza berria da, izan ere. Hemen barruan hazkuntza ziztu bizian dator. Azpiko argazkietan kuiatxoak ageri dira: ezkerrean ekainaren 16an, eskuman ekainaren 28an. Dena dator azkar. Beraz, tomateei dagoeneko hiru bider egin diegu errepasoa txupoiak kentzeko! Eta guk nahi ez ditugun bedarrak ere ziztu berean datoz. Hauek ere, hilabete pasatxoan hiru bider kendu ditugu jada… Azpiko aldean plastikorik ez erabiltzeko apustuan tinko gaude, eta horrek atxurra sarriago dantzatzea dakar.

Ikasgela eta kiroldegia dena bat. Gora baratza!

17 Mai

Badaukagu negutegia! Gora auzolana!

 

Aste santuko egunetan hasi ginen montaketan. Hor iritsi ziren gure lehenengo lagunak. Hondarribiko Eli eta Sebasi esker, arku guztiak zutik ipini genituen. Hurrengo egunetan Jotaren bakarkako lanak izan ziren, tarteka eginak, ahal zenean… Arkuen arteko tiranteak ipintzeko ez zen txarto etorri iragan eskalatzaileak emandako oreka. Plastikoa ezarri ahal izateko zanga alokatutako makina bategaz egin zuen Jotak berak (a ze jostailutxoa!).

Eta maiatzaren 5ean, domekaz, iritsi zen E eguna: plastikoa botatzeko auzolan eguna. Eguraldiaren peskisan pasa genituen aurreko egunak… Ostegunean erabaki genuen aurrera egitea. Hasieran 15 lagun eta senide izan genituen prest; azken orduko ezinengatik azkenean 10 izan ziren; Jota eta Maribi Altzoako kideokin dozena. Eta egun handia izan zen. Eguraldia bikain portatu zen, nahiz lanaren hasieran haizea lasaitzeko zain egon behar izan. Denon artean dida lotu genituen falta ziren alanbre tiratxoak, eta denon artean plastikozko estalkia ipini eta lurrez hartu. Bazkalordurako, egina!

Etxeko urteko ia-ia azken babarrunak elkarrekin janez ospatu genuen auzolanaren arrakasta. Eta, gainera, aldez aurretik elkar ezagutzen ez zuten hainbat lagunen artean sekulako giro polita sortu zen. Horixe baita auzolanaren marabilli: elkarlanean gozatu, lanari bere benetako eta jatorrizko zentzua emanez. Mila-mila esker benetan familiko Ana eta Francisi, eta lagunarte desberdinetako jende maitagarri horri: Amaia Rementeria (Mendexa), Marije Etxeberria (Lekeitio), Ane Gorosabel (Elkoro baserria-Bergara) eta bere baserrian egon den Selina alemaniarra, Julen Azkoaga (Izurtza-Arrazola), eta Arrazolako Amillena ostatua irekitzear dauden hiru sorginei: Vane Calvo (Atxondo), Lur Moragues (Algorta-Arratzu) eta Jose Romero (La Linea-Aizarna). Gozamena da zuek bezalako lagunak izatea!

Hemen duzue auzolana kamera azkarrean grabaturik ikusteko aukera.

13 Mar

Iazko azkenak biltzen, aurtengoak prestatzen

Gaurko euriari eta haize hotzari esker eseri gara, aspaldiko partez, Altzoaren berri idaztera… Izan ere, negudaberri oso berezia izan dugu. Kezka pizten diguna. Baina, beste aldetik, lurreko lanak garaiz eta eroso egitea ahalbidetu diguna. Eta kanpoan ibili gara, goiz eta arratsalde, otsailaren erdialdetik hona. Hotzik gabe, sutondorik ez!

Iazko azkenak biltzen

Azken bruselazak, azken porruak, azken azenarioak, azken erremolatxak… Guztiak joan gara biltzen asteotan. Bildu, garbitu, eta bakoitza era batera biltegiratu. Hurrengo hilabeteetan ere hor izan ditzagun etxekook, eta ostatu hartuko duzuenok. Erremolatxaren kasuan, ozpinetan sartu dugu, poteetan. Azatxoak pixka bat eskaldatu eta izoztu ditugu. Azenarioak eta porruak, berriz, txikituta gordinean izozten ditugu, ia egunero erabiltzen ditugu-eta, plater batean ez bada, bestean.

Simaurra eta karea, dantzan

Gure inguruan jende askoren joera da martxoa-apirila bitartean, askotan arrapaladan, lursailak garbitu, mugitu, ongarritu eta berriz landatzea. Korrika. Geu ere hala ibiltzen ohituak ginen… Baina azken urteotan, lurrarekin bizitzeko apostu honetan sartu ginenetik, aspaldiko irakaspenen logika ikasten ari gara. Eta lurra prestatzeari, denboraren ongarria gehitu diogu. Beraz, azaro-abendu bitartean ibili ginen ortu sailak simaurtzen, eta orain, otsaila-martxoan harrotu ditugu lurrok, eta karea eman. Urteko lehen landaketak ere aurten otsailean egin ahal izan ditugu: kipula gorriak, eta patata berria edo goizetikoa.

 

Gure lehen mintegitxoa, martxan!

Agroekologia bide bat da. Nekazaritza iraunkorrerako bidea. Eta bide horretan abiatu baino ez gara egin oraindik Altzoan… Elikagaien ekoizpena ahalik eta era autonomoenean egitea (ahalik eta insumo gutxien erosita), bide horretako urrats garrantzitsua da. Askotan ahaztua ere bai, ekoizpenaren eguneroko beharrek eta erlojuaren kontrako borrokak beharturik. Profesionalen haziak eta landareak erostea da, gaur gaurkoz, nekazari ekologikoen artean ere, joera nagusia. Baina, modu mugatuan bada ere, ari dira (gara) pixkanaka norbere landareen eta hazien ekoizpenaren bidean pausotxoak ematen. Kasu batzuetan, gainera, ahalegin horri forma kolektiboa (ezinbestekoa) emanez: Aleka elkartea da horren adibide bat.

Gure kasuan, hasiberrien zalantza eta ikusmin guztiarekin, gure lehen mintegitxoa abiatu dugu etxe atzeko aterpean… Lehen pausoa idarrekin eman genuen. Errazetik hasteko. Eta, bide batez, bizilagun bati ihes egindako ahuntzek jandako ilar ederrak ordezkatzeko!

Asteon, berriz, etxeko hazitik kuia, kuiatxoa, piper txorizeroa eta piper nagusia erein ditugu. Ia zelan doan…

 

26 Aza

Arigatou, Miki! Hiru asteko haize japoniar freskoa Altzoan

Joan zaigu etxera, egunaren eta munduaren beste aldera, Miki Tatsumi. Hiru aste eman ditu gurean, tratu eder batekin: baserriko lanetan lagundu, mantenu truk. Eta harreman benetan goxoa sortu da gure artean!

Lehenengo egunetan herdoilduta daukagun ingelesa zuzen ahoratzen nahiko lan izan genuen, egia esan… Baina benetan ondo etorri zaigu hiru asteko nahitaezko mintzapraktika. Dena den, azkenerako, gure elkarrizketetako zatitxo bat euskaraz zen jada! Mikik erakutsi digu interesa eta ikasteko grina dagoenean oso arin joaten dela hizkuntza berria mingainean lekua egiten. Arbela betetzen zuen, sakelakoan apunteak hartu eta behin eta berriro saiatu. A ze gozatua! Euskararekin eta Euskal Herriarekin maiteminduta joan zaigu Miki, eta itzultzeko promesa egin digu, irribarrez betiko legez.

Babarrunak xehetzen, udazkeneko azken landaketak egiten, piper txorizeroak lotzen, ostatuko gelak prestatzen, afariak zerbitzatzen… edozertan aritu gara elkarrekin, eta plazera izan da. Lea-Artibaiko eta Urdaibaiko hainbat paraje bisitatzeko ere probestu dugu egonaldia. Baita urteetan Ean bizi den Nagako emakume japoniar jatorra ezagutzeko ere. Eta etxean bertan sushi goxoa egiten ere ikasi dugu.

Dirurik bako tratuan, Miki ez da bezeroa izan, eta goxo-goxo, apopilo izatetik lagun izateko bidea egin du gurekin. Honelako gauzak ezin dira diruz ordaindu. Mila esker eta laster arte izan dadila!

5 Urr

Oparotasuna denentzat! Udako kronika txikia

Uda osoa eta gehixeago joan zaigu bloga berritzerako…

Bizitza errealak gaina hartzen die hemen taupada digitalei, egunero. Eta aurten ere, udako solstizio egunetan hasi eta oraintxe arte, ez dugu izan aspertzeko betarik Altzoan. Ostatuan etenbakoa izan da jendearen joan-etorria. Gehienak familia formatoan, asko haurrekin, eta gehienek egonaldi luzetxoa egin dute gurean, 4-7 egunekoa. Horrek harremana harilkatzeko aukera eman digu hainbat lagunekin. Hori bai oparotasuna! Turismo kontzeptutik ihes egitea lortzen da holakoetan, eta bezero-saltzaile harremana gainditzen.

Aurtengo udan ere nabarmendu nahi dugu etorritako guztiek, salbuespenik barik, gure etxean izandako jarrera ona. Harreman errazak izan dira, errespetuan ardaztuak. Ez gara inbadituak sentitu. Ez gara zerbitzari huts sentitu. Eta hori ez da gutxi.

Baina bereziki gogoan gordeko ditugu etorritako batzuk, haien hurbiltasunagatik. Ondoren ere (sakelako mezuen bidez baino ez bada ere) mantentzen ari garen harremana da horren lekuko. Frankfurteko aireportu ondoko bizileku eta bizimodu zentrifugatzailea utzi eta Hierro uhartean bizitza berri bat hasteko pausoa ematen ari diren Jonathan, Karin eta haien bi alabak bihotzean ditugu, esate baterako. Baita baratzean dozenaka galdera egiten zizkigun Charlie ere, 5 urteko Londreseko mutiko naturzalea. Valentziako Francisco aitona, familiarekin honaino etorri eta bere ortuko tomate ederra opari ekarri ziguna; bere herrikide beste Fran bezala, berak egindako kontserbekin agertu baizen hona… Haien herrialde Errumaniari buruz hainbat kontu interesgarri kontatu ziguten Radu, Monica eta Anna ere ez ditugu ahaztuko. Tertulia horietan entzun eta ikasitakoa ere oparoa da benetan.

Raul, Xandra eta haien seme Iñaki eta Lluc-entzat dira gogoeta berezienak akaso. Taradell-eko Xocolater berezia eta familia. Txokolatezko gutizien tailerra eskaini ziguten berton, mahaiaren inguruan lagun berriak jaiotzen direla ikusarazi berriz ere… Kataluniako arima independentista bihotz-zabalenaren adibide biziak izan dira, eta Altzoari handik egin zekiokeen oparirik ederrena bidali: 2017ko urriaren 1ean bozkatzeko erabilitako urna. Harrez gero, jangelatik pasatzen diren guztiei zer galdetua eta zer esana ematen dien ontzi historikoa.

Iraila ere oso polita joan da, eta bertotik bertora ostera egin duten Sestaoko bi familiak eta gurean errepikatu duten Asteasuko surfzaleak ere bereziki gomutan ditugu; pasa den astean indiar edo babarrun jaso berriak garantzen hain gustura lagundu digun Piedad murtziar-valentziarra bezala…

Udako lan erritmoa lotua izan da, eta uzta sasoia gainditu arte oraindik ere bada. Ostatua, ortua, kontserbagintza, eta beste hainbat saltsa. Gorputzak eskertuko du neguko atsedena. Eta bihotzak ez du, horregatik, berotasunik galduko. Diru errentaz haragoko oparotasuna jorratzen ikasten hasiak baigara.

 

27 Uzt

Bidean gal ez zaitezen, gure egurrezko “geolokalizatzaileak”

Aurten ere uda bizi-bizi doa. Ezin tarterik hartu idazteko. Ostatuko, ortuko eta estudioko zereginetan murgilduta gabiltza. Aspalditik egin beharreko beste lan bati ere ekin diogu egunotan: Altzoara, Goiogane baserrira, iristeko eta bidean ez galtzeko kartelak. GPSan agertuko zaizue bidea, bilatzailean Altzoa idatziz gero. Baina, hala ere, gure etxera ailegatzeko hiru auzobide posible daudenez, eta baserri arteko bide estu hauetatik jende asko ez dagoenez ohituta, pentsatu genuen kartelak gehitu behar genituela zalantzazko bidegurutzeetan.

Horrela, bada, etxeko altzari guztiak, eskilarak eta abarrak egiteko erabili genituen arotzeriako tresnei hautsa kendu berriro ere, eta egurrezko “geolokalizatzaile” hauek egin ditugu. Gustatzen?

Oraingoz gure arotzeria lanak auto-ekoizpenera soilik bideratu izan ditugu. Baina… nork daki? Egurraren maitale gara, eta agian presta gaitezke arimadun altzariak zuretzat ere egitera…

11 Uzt

Altzoa proiektua Paraguayko kazetari gazte baten begietatik

Rodrigo Alvarenga (Brandi Handy) paraguaiar kazetari gaztea munduan zehar dabil, lekuan lekuko jende xehearen istorioak, ikuskerak eta proiektuak irudiz kontatzen. Joan den azaroan Euskal Herrian ibili zen, eta baita Altzoara iritsi ere. Lekeition bizi den herrikide gazte baten istorioa kontatzea zuen xede. Baina gurean ostatu hartuta egon zenez, Altzoari buruz ere jardun genuen kamera aurrean.

Zer da kontua eta hilabeteak pasatuta, sekulako opari polita jaso dugu! Dokumental txikia da Rodrigok landu duena gurean, baina funtsean laburbiltzen du Altzoak izan nahi duena.

Opari bikaina izan da benetan! Ia gustuko duzuen…

26 Eka

Eskuak lurrean, auzolanean!

Gauza handia da ortuko lanerako eskuak batzen direnean, auzolanean. Lana samurrago, hobeto eta arinago egiten da dudarik gabe! Baina, horrekin batera, lanean kontuak esaten aritzearen plazerak ez dauka preziorik. Beste langintza batzuetan nekez egin daitekeena, lurrarekiko zereginetan guztiz bateragarria eta gomendagarria ere bada lan-solas binomioa. Eta horrelakoetan nekea eta orduak arindu egiten dira.

Bada, horixe da aurreko asteburuan egin duguna Altzoan. Bi lagun izan dira gurean, eta egonaldiarekin batera, ortuko lanetan laguntza ederra eskaini digute. Argazkian ikusten da piper sailari bedarrak kentzen aritu ginenekoa. Solaskide apartak ere izan dira. Mila esker bihotzez Itzi eta Marta!

Hurrengo batean lagun gehiagorekin esperientzia partekatzekotan geratu dira. Eta guk lerro hauek probestu nahi ditugu besteoi ere gonbitea egiteko. Ziur gaude ez zaizuela damutuko!

Lana beti da lana, baina kolektibizatzen denean, bizi-taupaden erritmora ekartzen denean, beste zentzu bat hartzen du. Diruaren logika guztiz gainditzen duen zentzua eta benetakotasuna. Horrela bizi dugu, bederen, Altzoan.