Bloga

26 Eka

Eskuak lurrean, auzolanean!

Gauza handia da ortuko lanerako eskuak batzen direnean, auzolanean. Lana samurrago, hobeto eta arinago egiten da dudarik gabe! Baina, horrekin batera, lanean kontuak esaten aritzearen plazerak ez dauka preziorik. Beste langintza batzuetan nekez egin daitekeena, lurrarekiko zereginetan guztiz bateragarria eta gomendagarria ere bada lan-solas binomioa. Eta horrelakoetan nekea eta orduak arindu egiten dira.

Bada, horixe da aurreko asteburuan egin duguna Altzoan. Bi lagun izan dira gurean, eta egonaldiarekin batera, ortuko lanetan laguntza ederra eskaini digute. Argazkian ikusten da piper sailari bedarrak kentzen aritu ginenekoa. Solaskide apartak ere izan dira. Mila esker bihotzez Itzi eta Marta!

Hurrengo batean lagun gehiagorekin esperientzia partekatzekotan geratu dira. Eta guk lerro hauek probestu nahi ditugu besteoi ere gonbitea egiteko. Ziur gaude ez zaizuela damutuko!

Lana beti da lana, baina kolektibizatzen denean, bizi-taupaden erritmora ekartzen denean, beste zentzu bat hartzen du. Diruaren logika guztiz gainditzen duen zentzua eta benetakotasuna. Horrela bizi dugu, bederen, Altzoan.

19 Ots

Ogia egiten ikasi dugu!

Pozik gaude. Adin batetik aurrera gehiago preziatzen dugu gauza berriak egiten ikastea; egunero zerbait ikasten jarraitzea… Eta pasa den astean ogia egiten ikasi dugu! Bueno, hobe esanda, ikasten jarraituko dugu, entrenamenduko ogi bakoitza egin ahala… Baina hasierako emaitzak ez dira batere txarrak izan. Beraz, bai: Altzoak badu bere ogia eta pozik gaude! Momentuz etxekoontzat da soilik, baina laster berton ostatu hartzen duten guztientzat eskainiko dugu gosaritan zein afaritan. Eta gero, gerokoak.

EHNE-Bizkaiak hilero bidaltzen dizkigun formakuntzarako aukeren artean egon da ogia egurrezko labean egiteko goiz bateko ikastaroa. Doan egin ahal izan dugu, gainera. Zeberioko Aresandiaga auzoko baserri-errotan erakutsi digu ogiaren mamia Iñigo Larizgoitia Txatok. Eta goiz osoan ikusi, entzun eta ikutu duguna apunteetan ere eman digu. Jakintza partekatzea lako gauza ederrik, gutxi! Eskerrik beroenak berari eta sindikatuari ere aukera honengatik.

Orain dator benetako ikasketa: ogia egin eta egin, bere bizia ulertu eta geure eskuetan barneratu jakintza hori.

Ama legamiarekin eta urun garbiekin eginiko ogiak ez du inolako zerikusirik ogi industrialekin. Gure aho sapaiak eta gure hesteek ere segituan igarri dute. Beraz, ikasten jarrai dezagun, benetakotasuna gure eguneroko ogia bilakatuz.

Hona pausoz pauso gure lehen ogiak:

1.- Bezpera arratsaldean premasa egin dugu, ama legamia, ura eta uruna erabiliz.

2.-Urun, ur, premasa eta gatzez dena ondo amasatu eta atsedena hartzen utzi dugu.

3.-Egurrezko labea 250 gradutan prest izan dugu, eta 45 minutuz egosi dugu.

21 Abe

Altzoako kideok Saharatik bueltan

Bederatzi egun izan dira. Hondar eta harrizko 42 urteko behin-behinekotasun gordinean bizitzea zer den ikusi dugu. Ikasi dugu. Asko ikasi ere!

Goiogane baserri honetan azken uda bietan gutako bat izan den eta hurrengo udan ere gurean izango den Mohamedu eta bere familia bisitatzera joan gara. Lehenengo bider ikutu dugu, entzun eta usaindu herri saharauiaren eguneroko duintasuna. Ez da haien lekua. Ez da dagokiena. Injustizia luzatzen eta pazientzia agortzen ari da. Osasun arazoak biderkatzen doaz, hemen sasoirik oneneko izango liratekeen 40-45 urtekoak zaharturik, diabetesak jota, nekeak etzanda daude kasu askotan. Bizitza osoa daramate behartutako behin-behinekotasun eternoan. Ez datorren soluzioaren zain.

Eta, hala eta guztiz ere, bidaia labur honetan zerekin geratu garen galdetuz gero, “irribarre zintzoekin” esango dizuegu. Begietara begiratzen duten begiekin. Besarkada sentituekin. Etengabeko solasaldiekin (nork dio hizkuntzak mugak direla?). Ilunabarreko jolasekin. Inor bakarrik ez dagoen (des)Herri duin honek badu zer irakatsi.

Moha, Aouz, Muna, Fadala, Hazria, Badadi, Jalihena, aitona Dadah… Familia zoragarria dugu Saharan. Haiekin altzoan sentitu gara, etxean. Eta haien benetako Etxera itzuli ezin diren artean, geurearen altzoa eta sutondoa haiena ere izango da.

11 Aza

Udazken-negurako Altzoa produktu sorta prest daukagu

Katamixarren antzera, batu eta batu ibili gara uda amaieran. Batu, ondu, lehortu, sukaldatu, ontziratu… Eta hona hemen gure etxeko uztaren fruitu xumea: Altzoaren poltsakada aurtengo udazken-negurako.

Sorta osoa eska daiteke edo produktuka egin eskaria. Hona hemen prezioak:
Patxarana: 10€ 750 ml.ko botila
Intxaurrak: 4,50€ kiloa
Indiar baltza: 10€ kiloa
Sagar dultzea: 3€ 250 ml.ko ontzia
Mermeladak (sagarra, okana edo pikua): 3€ 250 ml.ko ontzia
Piperminak:3€ 250 ml.ko ontzia
Erremolatxa egosia:2€ 250 ml.ko ontzia

Fruta eta barazki guztiak gure etxekoak dira eta modu agroekologikoan landu dira.

Eskariak posta elektronikoz egin daitezke (info@altzoa.eus) eta beti ere zentzuna erabiliko dugu banaketan. Lea-Artibai, Busturialdea eta Bilbo dira gure banaketa gune naturalak.

Erosketarekin batera opari ematen ditugu Altzoa-ren oihalezko poltsak. Logotipoaren diseinua egin duen 11barri enpresako Eli Azpiazu Armaolea gure lagun diseinatzaile aulestiarra da egilea.

On egin!

7 Aza

Eibarko Armeria Eskolakoen bisita Musikortan

Ateak zabalik dauzkan baserria da Goiogane, Altzoa da gure proiektuaren izena eta izana. Eta altzo horretan, ostatu eta atseden nahian datozenekin batera, lekua daukate jakin minez datozenek ere.

Gaur oso gustura jaso dugu Musikorta audio gunean Eibarko Armeria Eskolako ikasle eta irakasleen bisita. Soinuaren oinarrizko jakingarriak partekatu ditugu, eta soinu hori lantzeko erabiltzen ditugun gailuak ikusi, entzun, ikutu eta saltseatzeko aukera egon da. Batek daki, akaso etorkizuneko soinu teknikariren baten jakin minaren tekla ikutu dugu gaur!

Aintzinako behi eta txahalen korta Musikorta da gurean azken urteotan, eta ateak zabalik dauzka sartu nahi duenarentzat: musika sortzera, grabatzera, probatzera, galdetzera… Deitu edo idatzi konpromiso barik!

27 Urr

Lea-Artibain ere elikadura burujabetzarako bidea eragiten

Baserri eta arrantza eskualdea izan zen mendeetan Lea-Artibai. 1970-80ko hamarkadaz geroztik industria eta zerbitzuen inguruan hezur-mamitzen joan zen bertoko ekonomia . Eta, zorionez, berton sustraitutako industria sarea da nagusi eskualde txiki honetan. Baina lehen sektoreko jardueren mantentze-maila, aldiz, hutsaren pare geratu zen. Ia-ia desagertu egin ziren baserrian jardun osoz ari zirenak. Jarduera mistoari esker mantentzen diren ustiapen txikiak, berriz, ez dira hain gutxi. Hala ere, ugaritzen doaz sasiak jandako lursailak, eta beherantz datozen teilatu zaharrak…

Ez da, hala ere, etsipenean itotzeko garaia. Gero eta jende gehiagok (oso apurka bada ere) partekatzen du oinarrizko ideia hau: denok dugu elikadura sanoa izateko eskubidea, eta lurralde bakoitzak behar du izan bere elikagai sanoen produkzioa lurrarekiko modu orekatuan antolatzeko modua. Horretaz ari gara elikadura burujabetza aipatzen denean. Nekazaritza logikaz egitera bueltatzea da, beste barik. Ez baita logikoa hemendik 8.000 kilometrora ekoiztutako fruta edo aleak jatea. Ez baita logikoa jaten dugun guztiaren %4a baino ez izatea Euskal Herrian berton egindakoa…

Honetaz guztiaz berba egiteko garaia da, elikadura burujabetzari haize berriaz bultzatzekoa. Lea-Artibaiko baserritar, kontzientziadun kontsumitzaile, ikastetxe eta eragileei entzuteko garaia ere bada. Eskualdeko EH Bilduk horretarako aukera bat antolatu du, zapatu honetan, Markina-Xemeinen. Bide eta ahalegin berrien lehen urratsa izan bedi.

Altzoa proiektuko kideok hor izango gara, gure hondar-alea ipintzen.

 

25 Ira

Neba-arreba katalandarrei, esker onez

Ireki berri dugun Goiogane baserriko Altzoa ostatu xume honetan Kataluniatik etorritako lagun batzuk ezagutu zaituztegu uztailetik hona. Egiari zor, beste lurralde batzuetatik etorritako bisitariekin izandako hurbiltasun eta adeitasunari “beste zeozer ere” gehitu zaio, kasu guztietan, zuekiko harremanetan. Konplizitatea. Berehalako konplizitate zintzo bat. Elkarren hizkuntzan agurtzeko eta oinarrizko elkarrizketatxoak harilkatzeko egin duzuen eta dugun ahaleginean, jolasti eta konplize jardun dugu… (Arnau gazteak esaldi osoak botatzen zizkigun euskara garbian, sakeleko itzultzailea lagun!)

Geuri ere belarria katalandardu zaigu.

Konplizitatea oso esplizitua ere izan da zuetako batzuekin. Gaueko tertulietan erreferendumaren gaia, Espainiako estatuaren mehatxuak, erabakitzeko eta aske izateko nahia… aipatu diguzue, aipatu dizuegu. Gerta daitekeena guztiz terra incognita izanik ere, zuengan ikusi dugu guretzat ere behar eta nahi dugun jarrera: ezinezkoa dirudiena lor daitekeela, determinazioz eta irribarre zabalez.

Itsaso, errekondo, hiri eta mendialdeko jende katalanak, plazer handia da zuei abegia eskaintzea, zuekin bizitzaz hitz egitea.

Zirt ala zart egiteko garaiotan, dudarik ez izan, hemen bidelagun gaituzuela. Hemen Altzoa duzuela, bide berri-luze-zail-eder honi ekiteko behar diren indarrak hartzeko txokoa.

Mila esker atea zabaltzearren. Eutsi pixkat, mesedez, bagatoz gu ere eta!

Llegir entrada en català

29 Abu

Altzoa bete lan uda osoan!

Ez genuen espero. Hasiera tantaka, emeki egingo genuelakoan geunden. Baina Altzoa bete lan ibili gara uda osoan. Uztailaren 21ean jaso genituen lehenengo bezeroak. Eta abuztuak 29 bete dituen arte egun bakar batean ere ez dugu izan Altzoa hutsik. Gure bi logelak beteta, goizero gosaritarako mahai bete jende, afariak ere nahiko sarri… Beraz, tarte handirik ez blog hau eguneratzeko. Tarte handirik ezta ortuko lanak nahi haina egiteko ere!

Sekula ibili ez den ibilgailu batean sartu eta bat-batean 120an jartzea izan da. 40 egunez jarraian… Ez da dena eztia izan. Batzuetan lasai egon nahi duzu. Bakarrik. Baina zure etxea beste batzuena ere badenean konplikatuagoa da. Hala ere, moldatu gara eskapada txikiak egiteko Karraspioko hondartzara, edo Aulestiko Errekondo paregabera. Dena ez da, bada, lana izango… Bizitza da handiena!

Eta, duda barik, epe labur bezain intentso honetan ezagutu dugun jendeak utzitako arrastoarekin geratzen gara. Batzuk, beste barik, errespetuz eta atsegin, baina hemendik pasatu egin dira soilik. Beste batzuk, ostera, lehen unetik konfiantzazko begiradaz, zabal etorri zaizkigu: Paco, Bernadette, Pierre txikia, Errioxako neska koadrila, gau bakarrerako etorri baina gurekin batera afaldu eta berandura arteko tertulian geratutako Vendrell-eko familia, Murciako eskalatzaile salauak, desbrozadorea konpondu zigun Carlos, atzamarreko ligamenduak hemen jolasean apurtu arren irribarrea galdu ez zuen alemaniarra, gure Mohamedurekin oso lagun egindako hiru neskatila madrildarrak, Kataluniatik batera iritsitako eta elkarrekin hain ondo moldatutako bi familiak… Guztiek utzi dute arrastoa Altzoan. Eta guztien ahotik esaldi bera jaso dugu: etxean bezala egon gara, eta bueltatuko gara. Eta hori ez da diruarekin ordaintzen ahal…

Orain udako zoramena joan da, eta beste patxada batez Altzoak hemen jarraituko du. Zabal hartuko zaitugu, atsedenerako ez ezik, berton euskara praktikatzeko, edo lantalde txikian proiekturen bat hausnartzeko, edo beste barik zaratatik ihes egin eta lurrera hurbiltzeko.