Altzoa ostatua - Bloga

Altzoa ostatuaren blogeko sarrera
calendula officinalis olioa
27 Uzt

Loreen onurak, ontzira

Aurten ilena edo mariloka loreen olioa egin dugu (Calendula officinalis). Marabilla ere deitzen diote lore honi leku batzuetan. Holakoa da, izan ere. Ortuan lagun bikaina da. Loraldi luzea dauka, eta bere kolore hori-laranja biziekin, norberari poza emateagaz batera, intsektu polinizatzaileak ere erakartzen ditu, eta hor ibiliko ditu inguruan, dantza batean.

Horrez gain, ilena landarerik egokienetako bat da larruazaleko hainbat arazo sendatzeko: ekzemak, akneak, azal oso lehorrak, zomorroen hozkadak, urratuak, gogordurak… Kolpeek eragindako hanturak jaisteko ere erabiltzen da, eta infusioan edanda berriz, hileroko mingarriak, ugariegiak edo urriegiak leundu eta orekatzeko ere gomendatzen da.

Guk, hasiberriak garenez sendabelarren ikaskuntza etengabe honetan, prestaketa errazenari ekin diogu: kalendula olioa. Loreak jaso, ontzi batean jarri, oliba olioz estali eta 30 egunez izan ditugu eguzkitan, egunero mugituz. Hilabetea pasata, iragazi egin ditugu, loreak eskuekin xukatuz, eta ontzitxoetan sartu dugu olioa, guretzat eta nahi duten Altzoa-ko bisitarientzat.

calendula officinalis olioa piperminak marmeladak lore-olioak