MCI JH-636 Mahaiaren Konponketa

2016ko apirila edo izango zen, ez nago seguru. Telefonoak jo du. Ezagutzen ez dudan mutil bat da, soinu mahai interesgarri bat duela saltzeko, eta akaso nere interesekoa izan daitekeela “esan diotela”. Eta nik ezetz, badudala estudioan soinu mahai eder bat, neronek konpondua, eta beronegaz egingo ditudala geratzen zaizkidan egunak. “Ah, bale… Baina Xoxoa disketxeko mahaia zen, eh? Badakizu, Itoiz, Mikel Laboa, Ruper, Oskorri…Mahai honetan grabatu zituzten beraien diskoak, eta…”

BALE. Noiz ikusi ahal dut?

Lehen bistadizoan, soinu mahaia nahiko txikituta zegoen. Aro digitala etorri zenetik abandonatua eta 30 bat urtez itzalita, trasterotik almazenetara eta bajeratik zokondoetara, leku guztietan “traban” izan da, inoren begiko, bere “gaztaroan” egindako lan miresgarria inoren apreziorik izan gabe. Eta pentsatu nuen “nik ez badut konpontzen inork ez du konponduko, txatarrara doa”, eta “ez du etorkizun hori merezi”, eta “honek egin duen lan guztia…bere erraietatik pasatu direnak pasatuta…”

Eta horrela, beste batetaz maitemindu nintzen.

Eta nere etxean hartu nuen. Urte t’erdi “ontzen” izan eta gero, konponketari ekin nion. Ez da lan erraza izan: Dokumentazio lan amaitezina, kamioikada bat pazientzia, munduaren beste puntatik ekarri beharreko osagai elektronikoak, estropozu egin eta altxa, loari orduak lapurtu esku artean dudan hori bukatzeko… baina maitasuna maitasuna da.

Ekin lanari!

Lehen lana energia iturriak konpontzea izan zen. Pluralean diot “energia iturriak”, zeren eta bi ditu, bata mahaiaren zirkuitoen tentsioak lortzeko eta bestea automatizazio sistema eta argiek behar duten tentsioak lortzeko.
Noizbait uholderen batek harrapatuak izanaren arrastoak zituzten… Noski, ezer baino lehen bere hortan probatu beharra nuen, mahaiari konektatu gabe noski, eta piztu eta kea irteten hastea dena bat izan zen! Espero nuen. Kondentsagailu lehortu edota zulatuak, erresistentzi erreak, estabilizadore agortuak,…Lanera: Itzaldu eta dena desmontatu, garbitu, semikonduktore guztiak lortu eta aldatu eta, noski, filtroko kondentsagailuak ere lortu eta aldatu. Hilabete luze bateko lana. Baina bukatu, probatu eta dena ondo doala egiaztatzen duzunean…aupa! pauso bat da!

“Master moduloa martxan jartzen badut soinu mahai hau ENTZUN egingo dut” pentsatu nuenean, emozionatu nuela aitortzen dut. 1980ko soinu mahai hau berpiztearen lehen urratsa izango litzateke! Baina horretarako modulu honen akopleko kondentsagailu guztiak aldatu behar ditut, zihurtzak jo daitekeelako hainbeste denbora pasa eta gero, lehortuta egongo direla. Eta hemen beste sorpresa bat: Kondentsagailu hauek bipolarrak dira. Ez dut hau ikusi inoiz beste soinu zirkuitoetan, inongo soinu mahaian edota bestelako aparatuetan. Informatzen hasita, polarizatuak baino distortsio gutxiago dutela jabetu naiz. Ondo! Mahai honen kalitatearen adierazgarri.
Kondentsagailu hauek lortzeko Txinara joan behar izan naiz erosketak egitera, han fabrikatzen baita elektronika munduaren ehuneko handiena. Ez zait zaila egin sarean konponente hauek topatzea, pazientzia apur batekin, noski. Eskatu eta hilabete itxaron behar, baina. Bitartean badut zertan pasatu denbora. Adibidez, automatizazio sistemaz inbestigazioa lana, mahaiaren soportea hobetu (gurpilak txikituak ditu), moduluak konpontzeari ekin,…
(Jarraituko du)

Historia pixka bat

Behin dokumentazio lanean sartuta, arlo teknikoaz gain arlo istorikoa ere landu nahi izan dut, alegia, mahai honen meritu eta ibilerak. Eta horrela enteratu nahiz mahai hau enkarguz egin zela, Xoxoa disketxeko Jaime Yarrituk enkargatua, 36 modulurako prestaturiko mahaia, baina hasieratik 20 modulukin ekarri zena. 1980ko ekaina edo uztaila zen.

Soinu mahai hau hasieratik izan zen Jean Phocas-en eskutan. Bera izan zen hasieratik soinu injeniaria Xoxoa estudioan. Ekarri eta laister behar zuen lanean hasi, 1980an bertan diska dexente grabatu bait ziren. Lehenetarikoa izan zen Ruper ordorikaren lehen lana, “Hautsi da anphora”. 1980koak dira ere Itoiz taldearen “Ezekiel” bigarren diska, Oskorriren “Plazarik plaza”, Mikel Laboaren “Lau-bost”, Iñaki Eizmendiren “Zaldi Erratu Hatsa”, Enbor taldearen “Katebegiak”, Akelarre-ren “Asfaltuko Lorea” eta Izukaitz taldearen “Otsoa dantzan”.