Nor Gara

Ez da erraza norberari buruz hitz egitea, baina zuek aspertu gabe, saiatuko gara.

Xabi Navarro dut izena, baina Jota esaten didate. Soinu teknikari lanetan eman dut bizitza osoa. Beraz, eskarmentua behintzat, izango al dut. Bidean zeozer ikasiko nuen edo…

Soinuak beti erakarri nau. 14 urterekin gauez ohe-burukoaren azpian sartzen nintzen transistore txiki batekin, Gregorio Galvez-en Club 44 irratsaioa entzuteko. Momentu magikoa zen niretzat. Gerora Rafa lagunaren osabaren etxerako osterak gogoratzen ditut. Alemaniatik ekarritako balbulatako altzari-tokadiskos erraldoi batetan entzuten genuen berak edo nik erositako azken biniloa, memoriz ikasi arte… Ze soinua! Eta nik horrelako soinuak grabatu nahi nituen…

Gure sasoian ez zegoen soinu teknikaria izateko inolako ikasketarik; beraz, modu autodidaktan ikasi behar izaten zen. Internetik ere ez, noski. Ateak joz, irakurriz eta, ahal zen moduan, praktikatuz, horrela ikasten genuen orduan horrelako ofizio bat.

Elektronika munduan hasi nintzen 1980an, nere kontu, eta hortik soinuaren mundura jo nuen. Nere lehenengo soinu mahaia fabrikatu nuen, 5 kanaletako mikrofono nahaste mahai txiki bat. Gordea dut oraindik. Hor hasi zen dena…

Lehen sonorizazioa urte horretan egin nuen, Azpeitiako talde orduan ezezagunari: Jotakie… Gero zuzenekoetan ibili nintzen, zenbait enpresetan laguntzaile gisa; handik Madrilera, grabazio ikasketa batzuk egitera. Oraindik magnetofoietan grabatzen zen, besterik ez zegoen. Orduan zabaldu nuen nere lehen grabazio estudioa, Tolosako Amaroz auzoan, 8 pistatako grabagailu batekin.

90eko hamarkadan Egin Irratian nenbilen soinu teknikari eta lokutore, oraindik ekipamentu erabat analogikoarekin: kaseteak, biniloak eta magnetofoiak.

Irratian lehenengo CD erreproduktorea azaldu zenean irten ginen prehistoriatik. 1990a zen. Orduan etorri zen iraultza digitalak dena aldatu zuen, onerako zein txarrerako.

1995etik hona Bilboko Kafe Antzokian dihardut lanean, soinu teknikari gisa, zuzeneko emanaldietan. Urte hauetan guztietan, gutxi gorabehera 5.000 musika talde pasa dira Antzokiko oholtzatik, denetariko estilo eta aforoarekin.

Bizi garen Amorotoko Goiogane baserrian 1998an Musikorta estudioa zabaldu genuen, lehen behien korta izandakoa eraberrituz. Eta ordutik hemen segitu dugu, gure txikitasunean.

Musikortako beste aldea Maribi Ugarteburu da, 1990etik ni jasaten nauen emakumea. Berak egingo dizue harrera ezin hobea, bere Altzoan artatuko zaitue, etxeko goxotasuna eskainiz.
Bera gabe ez zen posible izango ni saltsa hauetan ibiltzea, ez estudioko ordu luzeak, ez tailerreko arratsaldeak, ez sonorizazioen gau amaitezinak. Baina horretaz gain, bera da nere artzaina eta kontseilari. “Sukaldeko lana”-ren arduradun.